Arrieta Idiakez, Javier

Arrieta Idiakez, Javier

Francisco Javier Arrieta Idiakez

Ondarroa, 1976.

Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle titularra da Deustuko Unibertsitatean.

Itsasoko langileen Gizarte Segurantzari buruzko doktoretza-tesia egin zuen (2005).

Zuzenbideko Gradu desberdinetan eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan ez ezik, Deustuko Unibertsitateak eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunak Abokatutzaren Jarduerarako elkarrekin eskaintzen duten Masterrean eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Doktoretza-ikasketetan ere ematen ditu eskolak.

Halaber, Deustuko Unibertsitatean, Eusko Jaurlaritzak aitortutako “Kooperatibismoa, fiskalitatea, sustapena, lan-harremanak eta gizarte-babesa” ikerketa-taldeko ikerketaburua da.

Unibertsitatetik at ere hainbat erakundetan parte hartzen du. Besteak beste, Zuzenbidearen Euskal Akademiako mahaikide da, Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluko arbitroa da eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Labayru Fundazioko Kontseilu Artezkariko kide da.

Zuzenbidetik irten gabe, testu juridiko ugari itzuli ditu euskarara, batik bat, hurrengo arloetan: lan-zuzenbidean, Gizarte Segurantzan, zuzenbide zibilean, merkataritzako zuzenbidean, legeria politikoan, nazioarteko zuzenbidean eta prozedura zibilean. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan, hizkera juridikoari buruzko edozenbat terminologia-batzordetan parte hartu ohi du, betiere, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideari buruzko gaien inguruan. Horren adibide da parte hartu izana negoziazio kolektiboaren, laneko segurtasunaren eta jurisdikzio sozialaren arloetan argitaratutako hiztegietan.

Itzulpenez gain, JADO, Zuzenbidearen Euskal Akademiako Aldizkarian, lan-zuzenbideari eta Gizarte Segurantzari buruzko doktrina-artikuluak idatzi ohi ditu euskaraz.

Bestalde, edozenbat hedabidetan parte hartzen du. Halatan, Euskadi Irratiko eta Bizkaia Irratiko esatari da, Euskal Irrati Telebistako informazio-zerbitzuekin lankidetzan aritzen da gai soziolaboraletan, Euskal Telebistako Ahoz Aho saioko tertuliakide da, Deia, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Álava egunkarietan iritzi-artikuluak idazten ditu 2015etik eta Ttap euskarazko aldizkari digitaleko zutabegile da, aldizkari horren 0 zenbakitik.

Ondarroako Arranondo Kultura Elkarteko kide da, eta, elkarte horretan, Augustin Zubikaraik sortutako Arranondo aldizkariko idazle gisa dihardu 2000. urtetik. Orobat, nabarmendu behar da elkarte horren izenean argitaratu duen lan etnografikoa: Itsaso Aldetik. Ondarroako itsas gizon eta emakumeen kontakizunak (2011).

Karmel Aldizkarian idazten du 2006tik.

Bibliografia - Karmel

Bibliografia

· XXI. mendeko lehenengo lore-jokoak Ondarroan, Augustin Zubikarai omentzeko, Karmel 2006-4, 3-21.